Nondik nator?
Arte plastikoak entzunda eta nire eskola
garaiarekin erlazionatuz, eskulanak datoz nire burura. Oroitzapen onak ditut,
izan ere oso gustuko nituen eta gainera, nahiko trebea nintzen.
Marrazketarako berriz, traketsa nintzen
eta zerbait marraztu behar nuenean, liburu askotatik aritzen nintzen begira
gustuko nuen marrazkia topatu arte. Hura hartu eta kalkatu. Hala ere,
gogoratzen dut egindako komiki bat. Pertsonaia nagusia klip bat zen. Marrazkia
sinplea zen eta komiki polita atera zen.
Haur Hezkuntzari dagokionez, esan beharra
daukat ez daukadala plastikako oroitzapenik. Lehen Hezkuntzan hasten dira,
egindako eskulan batzuk etortzen zaizkit burura.
Nire aurrenetariko eskulana txita bat
margotu eta ondoren, haria eta orratzaz perfilatzea izan zela uste dut. Nahiko
txikia nintzela uste dut. Feltroarekin egindako hartz baten irudia ere badut
buruan.Kareta bat egin genuen, globoa puztu eta ondoren egunkari papera pegatu
genion. Hori lehortzen utzi eta gogortu ondoren, erditik moztu genuen.
Pixkanaka, egunkariarekin forma ezberdinak ematen joan ginen; hala nola,
sudurrarena, begiak, belarriak ... Amaitzeko margotu eta artilearekin ilea
jarri genion. Puntu erdia ere egin genuen, asto baten koadroz oroitzen naiz. Ez
zitzaidan asko gustatzen eta etxera eramaten genuenean, nire izebari ematen
nion aurreratzeko. Gehienok egin izango genituen gatz potoak ere etorri zaizkit
burura. Gatza, koloretako klarionekin margotu eta beirazko potoetan sartu
genuen. Eskolatik kanpora ere joaten ginen eskulanak egitera. Gogoratzen naiz,
behin, Gabiriako baserri batera joan ginela, abarkak egitera. Etxean zintzilik
dut oraindik.
Gustuko beste eskulan bat, plastilinarekin
egindako untxi bat izan zen. Txapa-kume batean untxi bat marraztu eta ondoren,
plastilinarekin bolatxoak egin eta marrazkia bete nuen. Marko batean sartu eta
denbora luzez egon zen gelan eskegita.
Buztinarekin ere aritzen ginen. Gerora
ere, egin dut zeramika ikastaro bat eta irakasleak berdinak ziren, Maite eta
Jone.
Makramea ikasi nuen plastikan eta baita
gustatu ere. Eskolan, paretan zintzilikatzeko bi apaingarri egin nituen.
Gerora, makrame dezente egin dut, lepokoak eta apaingarriak batez ere.
Papiroflexia ere egin genuen eta
eskaiolarekin ere aritzen ginen.
Non nago?
Gaur egun, Haur Eskola batean egiten dut
lana. Plastika arloan, esan behar da, ez dela gauza gehiegi egiten. Tenpera eta
margoetara mugatzen da.
Nire ustez, hutsune nabaria dago plastika
lantzeko garaian. 0-3 urte bitarteko haurrak dira eta ez gaude ohituta
beraiekin arte plastikoan lantzen. Ziur gauza ugari egin ahal direla baina
ezjakintasun eta interes falta handia sumatzen dut gai honekiko.
Udalekuetan ere izan dut esperientzia.
Udaleku irekietan jardun izan naiz hiru urtez eta, hauetan, arte plastikoak
gehiago lantzen direla iruditzen zait. Alde batetik eskulanak egiten dira,
baina, baita bideo grabaketak ere edo dantza ezberdinak.
Ezin da orokortuz hitz egin, baina
inguruan dudan jendearekin hitz eginda (hezkuntza munduan lan egiten duen
jendea), liburua gida gisa hartzen dela ondorioztatu dut. Hortik kanpo gauza gutxi
egiten dira eskoletan. Norberaren irudimenari nahiko oztopo jartzen zaizkio edo
besterik gabe ez du lekurik.
Ikusizko unibertsoak nortasunaren
eraikuntzan eragiten du. Ikusten duguna, entzuten eta irakurtzen duguna bezain
garrantzitsua edo gehiago da gaur egun. Etengabe ari gara jasotzen irudiak.
Irudiz inguraturik bizi gara. Gaur egun, gure eskola garaian bezala,
elkarrengandik aparte doaz eskola pedagogia (eskolak irakasten duena eta bere
hezkuntza proposamenean transmititu nahi duena) eta kultura pedagogia
(eskolatik kanpo, kultura herritarrak eta ikusizko kulturak betetzen duten
eginkizunarekin erlazionatuta).
Aurretik aipatu bezala, plastikak, nire
eskola garaitik gaur egun arte aldaketa gutxi eman dituela iruditzen zait.
Betiko eskulanekin jarraitzen da eskola gehienetan, hala ere, badira
salbuespenak. Errealitateari buruz, norberak egindako errepresentazioak
aztertzea izango litzateke Ikusizko Kulturaren helburu nagusia. Nire inguruko
eskolei begirada bat bota eta nahiko urrun gaudela iruditzen zait. Eskoletan,
eraikuntza propio eta hausnarketarako tartea falta direla esango nuke.
Sarritan, lehen aipatu bezala, liburu bat jarraitzen da, bertan proposatzen
diren eskulanak egitera mugatuz.
Nor naiz?
Nire bizitzan, artearekin kontaktu gutxi
izan dut. Nire familian, ez da egon inor artearekin erlaziorik izan duenik eta
etxean ez da hizpide izan. Ohiturarik edo ez dudalako izan, ez naiz interesatu
izan asko artearen inguruko gaietan urteak pasatu arte. Lehen aipatu bezala,
eskulanak egitera mugatu izan naiz.
Ordea, urteak pasa eta ordenagailua
eskuetan izan nuenean, irudiekin jolastea gustatzen hasi zitzaidan. Ez dakit
gauza handirik, baina programa ezberdinekin aritu izan naiz. Argazkiak moldatu,
afixak egin, argazkiekin muntaiak ... Nire kabuz ikasten joan naiz, ez dut
klaserik edo ikastarorik jaso. Haur Hezkuntzako gradua egiten hasi nintzenean,
lehenengo urtean, arte ikasgaia eman genuen. Irudiari buruzko nire interesa
areagotu zela esan beharra daukat. Irudi batek atzean ezkutatu dezakeen informazioa
ikaragarria da eta oso interesgarria iruditzen zait.
Badirudi, ikasgai honetan horri buruz zertxobait
sakonduko dugula, beraz, interesaturik nago gero haurrekin jarduteko garaian
ere baliogarria izango zaidalako.