San
Telmo museoan bizitako esperientzia positibotzat baloratzen dut. Haur
Hezkuntzari dagokionez, museo batek eskaintzen dituen aukerak ezagutzeko parada
izan dut. Esan beharra daukat, uste baino aukera gehiago eskaintzen dituela eta
modu erakargarrian planteatuta daudela iruditu zait. Bisitariekin
behin eta berriro hartu-emanetan eta elkarren eraginean diharduen museotzat
definitzen da eta honi garrantzi handia ematen diot, izan ere elkar eragin
horren bidez eraikitzen joatea aberasgarria da. Eskolek egindako proposamenak
aurrera eramateko irekiak daude eta egia esan, ez nuen uste horrelako aukerarik
egongo zenik.
Museoa primerako baliabidea da haurrek hezkuntza-gaitasunak
gara ditzaten, hemen ardurak hartzen, pentsatzen, komunikatzen, elkarrekin lan
egiten, esploratzen, bilatzen... ikasten ikas dezakete eta. Ibilbide eta
proposamen didaktikoak prestatzeko tenorean, honako hauek hartu ditugu oinarri:
•behaketa, bide, eta jolasa, baliabide: bisitaldiaren
eite ludikoa, ikas minaren zerbitzura;
•zentzumenezko baliabideen lehentasuna, intelektualagoen
aldean, oso-oso oinarrizko irakurketa eta idazketa maila ahaztu gabe;
•galdera, begien bistakoa edo erretorikoa bada ere, arrazoitutako
erantzunaren bila;
•denbora neurtzeko gutxieneko nozioak: lehena ez da dena
bat;
•espazioaren gutxieneko nozioak, bere burua museoan
eta museoa hirian kokatzeko, ikasleen herri edo auzoarekin alderatuta;
•lana banaka edo taldeka, betiere partaidetza aktiboa
bilatuz; elkarrekiko errespetua, oinarrizko jokabide gisa;
•nork bere kultura eta besteena ezagutzeko jakin-mina xaxatzea,
familiaren jatorritik abiatuta
•ondarea, iraunkortasunaren adibide, datozen belaunaldiei
utzi nahi dieguna denez gero;
•museoa, erakustoki eta kultur eragile: bildumak, zaharberritzea,
liburutegiak, tailerrak, aldi bateko erakusketak...
Hona hemen San Telmok Haur Hezkuntzako bigarren
ziklokoei eskaintzen dizkien ibilbide orokorra eta proposamen tematikoak:
•Paseoan Museoan barrena:ibilbide orokor arina
•Alakiketan: tradiziozko munduaren deskubrimendua
musikaren bidez.
•Xoxo beltza San Telmon: hurbilpena heriotzaren
fenomenora, erritualen bidez.
•Chillidarekin
dantzan:Eduardo Chillida eskultorea eta bere obra ezagutzeko aukera
Guk egin genuen bisitan “Xoxo beltza” proposamena
ezagutzeko aukera izan genuen batez ere. Heriotzaren gaia, landu beharreko gaia
dela uste dut, baina baita zaila ere. Izan ere, helduoi heriotzaz hitz egitea
kostatzen zaigu sarritan, eta nola hitz egin gai honi buruz haurrei?
Horregatik, museoan aukera izatea positiboa iruditu zait. Bertan, hilarriak eta
argizaiolak ikusteko aukera izan dugu eta haurrei interesgarria egingo zaien
gaia izango dela iruditzen zait.
Hobekuntza
proposamenen artean, azpimarratu nahiko nuke, proposatzen diren jarduera fitxen
ordez, jarduera dinamiko eta esperimentalagoak egitea egokiagoa iruditzen
zaidala. Fitxak, Haur Hezkuntzako etapatik at utziko nituzke, bai museoetan,
baita gelan ere. Mugimendua ahalbidetzen dute jolasak edo manipulazioa
ahalbidetzen duten jolasak sartuko nituzke. Haur Hezkuntzako haurrek,
mugimendua eta esperimentazioa ahalbidetzen duten jolasak behar dituzte,
beraien ikasteko modua baita. Adibidez, jarduera fitxa hauetan, gehien gustatu
zaien hilarria marraztea eskatzen zaie. Horren ordez, jolas baten modura
planteatuko nuke eta bakoitza joan dadila gehien gustatu zain hilarriaren
ondora. Ondoren bakoitzak azalpen txiki bat eman dezala, zergatik den
gustukoena azalduz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario