Nola eraiki gaitu irudiak? Hauxe da planteatu zaigun
galdera. Hasiera batean buruari bueltak ematen hasi eta galdera zaila egin
zitzaidan, bai horixe. Irudi baten bila ibili nintzen nire buruan, baina ez zen
ezer etortzen.
Nire bizitza zein irudirekin identifikatzen nuen
pentsatzean, geroz eta garbiago joan da azaltzen kandadu baten irudia.
Azken aldian agertzen joan den irudia izan da, baina 27
urtetan zehar hor egon dena. Kandadu honen esanahia, itxia egon naizela da, batez
ere jendeari itxia.
Azken aldian kandadu hori irekitzen saiatzen ari
naizela iruditzen zait, beraz, bi irudi aipatu nahi nituzke. Lehenengoa
egurrezko ate bat da, kandadua itxita. Irudi hau iluna etortzen da nire burura,
egun lainotsu batean bezala. Bigarren irudia berriz, ate horren goiko zatia
irekita etortzen zait burura. Eguzki izpiak sartzen dira bertatik. Bigarren ate
hau, oraindik ez dago guztiz irekita, hainbat amaraun ditu kentzeke eta olio
pixka baten faltan dago.
Irudi hauek garrantzitsuak dira niretzat, nortasunaren
aldaketa bat suposatzen dutelako. Nire barnean eman den aldaketa bat adierazten
dute. Ate itxi horrek, konfiantza eza azaltzen du, nire buruarengan eta
ondorioz, besteengan. Besteen aurrean naizen bezalakoa azaltzeko lotsa eta beldurrek
itxi izan dute ate hori. Ate honek hainbat muga jarri izan dizkit, hainbat
gauza egin eta esan ez ditudanak kandadu horren atzean geratu dira. Orain,
beldur horiek alboratu eta kandadua irekitzen ari naizela sentitzen dut,
nolabait eguzkia sartzen ari da lehen lainoa besterik ez zegoen lekura.
Niretzat pausu garrantzitsua izaten ari da, urtetan zehar motxilan pilatzen
joan naizen zaborra pixkanaka kanporatzen ari naizelako. Emozioei ireki
diedalako atea eta honen beharra nuelako nire beldurrak alboratzeko eta naizen
bezalakoa onartzeko eta baloratzeko.
Aipatu ditudan bi irudi hauek, ikusizko kulturaren
eragina medio, jendearengan sentsazio antzekoak transmititzen dituzte.
Kandadudun ateak ez du aurrera egiteko sentsazioa transmititzen, pasa ezin den
zerbait adierazten digu. Argia sartzen den ateak, berriz, bizitza transmititzen
digu.

No hay comentarios:
Publicar un comentario