Páginas

miércoles, 30 de abril de 2014

Autobiografia



Nondik nator?
Arte plastikoak entzunda eta nire eskola garaiarekin erlazionatuz, eskulanak datoz nire burura. Oroitzapen onak ditut, izan ere oso gustuko nituen eta gainera, nahiko trebea nintzen.
Marrazketarako berriz, traketsa nintzen eta zerbait marraztu behar nuenean, liburu askotatik aritzen nintzen begira gustuko nuen marrazkia topatu arte. Hura hartu eta kalkatu. Hala ere, gogoratzen dut egindako komiki bat. Pertsonaia nagusia klip bat zen. Marrazkia sinplea zen eta komiki polita atera zen.
Haur Hezkuntzari dagokionez, esan beharra daukat ez daukadala plastikako oroitzapenik. Lehen Hezkuntzan hasten dira, egindako eskulan batzuk etortzen zaizkit burura.
Nire aurrenetariko eskulana txita bat margotu eta ondoren, haria eta orratzaz perfilatzea izan zela uste dut. Nahiko txikia nintzela uste dut. Feltroarekin egindako hartz baten irudia ere badut buruan.Kareta bat egin genuen, globoa puztu eta ondoren egunkari papera pegatu genion. Hori lehortzen utzi eta gogortu ondoren, erditik moztu genuen. Pixkanaka, egunkariarekin forma ezberdinak ematen joan ginen; hala nola, sudurrarena, begiak, belarriak ... Amaitzeko margotu eta artilearekin ilea jarri genion. Puntu erdia ere egin genuen, asto baten koadroz oroitzen naiz. Ez zitzaidan asko gustatzen eta etxera eramaten genuenean, nire izebari ematen nion aurreratzeko. Gehienok egin izango genituen gatz potoak ere etorri zaizkit burura. Gatza, koloretako klarionekin margotu eta beirazko potoetan sartu genuen. Eskolatik kanpora ere joaten ginen eskulanak egitera. Gogoratzen naiz, behin, Gabiriako baserri batera joan ginela, abarkak egitera. Etxean zintzilik dut oraindik.
Gustuko beste eskulan bat, plastilinarekin egindako untxi bat izan zen. Txapa-kume batean untxi bat marraztu eta ondoren, plastilinarekin bolatxoak egin eta marrazkia bete nuen. Marko batean sartu eta denbora luzez egon zen gelan eskegita.
Buztinarekin ere aritzen ginen. Gerora ere, egin dut zeramika ikastaro bat eta irakasleak berdinak ziren, Maite eta Jone.
Makramea ikasi nuen plastikan eta baita gustatu ere. Eskolan, paretan zintzilikatzeko bi apaingarri egin nituen. Gerora, makrame dezente egin dut, lepokoak eta apaingarriak batez ere.
Papiroflexia ere egin genuen eta eskaiolarekin ere aritzen ginen.



Non nago?
Gaur egun, Haur Eskola batean egiten dut lana. Plastika arloan, esan behar da, ez dela gauza gehiegi egiten. Tenpera eta margoetara mugatzen da.
Nire ustez, hutsune nabaria dago plastika lantzeko garaian. 0-3 urte bitarteko haurrak dira eta ez gaude ohituta beraiekin arte plastikoan lantzen. Ziur gauza ugari egin ahal direla baina ezjakintasun eta interes falta handia sumatzen dut gai honekiko.
Udalekuetan ere izan dut esperientzia. Udaleku irekietan jardun izan naiz hiru urtez eta, hauetan, arte plastikoak gehiago lantzen direla iruditzen zait. Alde batetik eskulanak egiten dira, baina, baita bideo grabaketak ere edo dantza ezberdinak.
Ezin da orokortuz hitz egin, baina inguruan dudan jendearekin hitz eginda (hezkuntza munduan lan egiten duen jendea), liburua gida gisa hartzen dela ondorioztatu dut. Hortik kanpo gauza gutxi egiten dira eskoletan. Norberaren irudimenari nahiko oztopo jartzen zaizkio edo besterik gabe ez du lekurik.
Ikusizko unibertsoak nortasunaren eraikuntzan eragiten du. Ikusten duguna, entzuten eta irakurtzen duguna bezain garrantzitsua edo gehiago da gaur egun. Etengabe ari gara jasotzen irudiak. Irudiz inguraturik bizi gara. Gaur egun, gure eskola garaian bezala, elkarrengandik aparte doaz eskola pedagogia (eskolak irakasten duena eta bere hezkuntza proposamenean transmititu nahi duena) eta kultura pedagogia (eskolatik kanpo, kultura herritarrak eta ikusizko kulturak betetzen duten eginkizunarekin erlazionatuta).
Aurretik aipatu bezala, plastikak, nire eskola garaitik gaur egun arte aldaketa gutxi eman dituela iruditzen zait. Betiko eskulanekin jarraitzen da eskola gehienetan, hala ere, badira salbuespenak. Errealitateari buruz, norberak egindako errepresentazioak aztertzea izango litzateke Ikusizko Kulturaren helburu nagusia. Nire inguruko eskolei begirada bat bota eta nahiko urrun gaudela iruditzen zait. Eskoletan, eraikuntza propio eta hausnarketarako tartea falta direla esango nuke. Sarritan, lehen aipatu bezala, liburu bat jarraitzen da, bertan proposatzen diren eskulanak egitera mugatuz.
 

Nor naiz?
Nire bizitzan, artearekin kontaktu gutxi izan dut. Nire familian, ez da egon inor artearekin erlaziorik izan duenik eta etxean ez da hizpide izan. Ohiturarik edo ez dudalako izan, ez naiz interesatu izan asko artearen inguruko gaietan urteak pasatu arte. Lehen aipatu bezala, eskulanak egitera mugatu izan naiz.
Ordea, urteak pasa eta ordenagailua eskuetan izan nuenean, irudiekin jolastea gustatzen hasi zitzaidan. Ez dakit gauza handirik, baina programa ezberdinekin aritu izan naiz. Argazkiak moldatu, afixak egin, argazkiekin muntaiak ... Nire kabuz ikasten joan naiz, ez dut klaserik edo ikastarorik jaso. Haur Hezkuntzako gradua egiten hasi nintzenean, lehenengo urtean, arte ikasgaia eman genuen. Irudiari buruzko nire interesa areagotu zela esan beharra daukat. Irudi batek atzean ezkutatu dezakeen informazioa ikaragarria da eta oso interesgarria iruditzen zait.
Badirudi, ikasgai honetan horri buruz zertxobait sakonduko dugula, beraz, interesaturik nago gero haurrekin jarduteko garaian ere baliogarria izango zaidalako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario