Páginas

domingo, 11 de mayo de 2014

Ondorio orokorrak



Artea ulertzen ez dudan zerbait ikustetik, neuk neure erara interpretatu dezakedan zerbait bezala ikustera pasa naizela uste dut. Oso barneratua izan dut beste batzuentzako zela artea, baina, orain konturatzen naiz, ez dela zertan horrela izan behar. Arte lan baten aurrean, bakoitzak sentsazio ezberdinak ditu eta norberari, izan dituen esperientziengatik, sentimendu desberdinak transmitituko dizkio. Aurrean dugun hori interpretatzen ikasi behar dugu. Zaila egiten zait hori, izan ere inoiz ez baitigute horrelakorik irakatsi. Arteari buruz ezer gutxi ikusitakoa naiz eskolan eta gutxi horren barruan, interpretatzeko aukerarik ez du izan.

Irakasle izango naizen heinean, nire helburuen artean, arteari bere lekua egiten saiatzea izango da, ahal dudan neurrian. Inguruan ditugun baliabideak aprobetxatzeko modukoak direla iruditzen zait, museoak esaterako. Guk eskolarekin egiten genituen museoetara irteerak, baina derrigorrezko irteerak zirela zirudien. Honekin zera esan nahi dut; ez genuela benetan museoaz disfrutatzen, inork ez baitzigun hori transmititzen. Ondo pasatzen genuen, gelatik kanpora joaten ginelako, baina ez zitzaigun ezer pentsatzeko aukerarik ematen. Hausnartzearena ere, norbere lana da, baina norbaitek laguntza txiki bat emanda, hasiera batean gauzak erraztu daitezkeela iruditzen zait. Ikusitakoaz hitz egin edo gelan landuta, hausnarketarako bidea eman dezakegu.

San Telmo bisitatzeko aukera gustatu zait, izan ere, aspaldi museo batean egon gabe nengoen eta bertan erabiltzen duten metodologiaren berri izan dut. Uste dut, geroz eta metodologia hobea erabiltzen dutela museoek, aukera zabalagoa eskaintzen dute.

VTSri dagokionez, niretzat kontzeptu berria izan da hau. Esan bezala, museoen munduaz at nago eta inoiz entzun gabeko kontzeptua zen. Parte-hartzea bultzatzen duen estrategiak iruditu zaizkit, baina testuingurutik kanpo erabiltzen diren estrategiak izatea hutsune gisa ikusten dut. Errealitate batean kokatu beharko litzateke artea. Nire kasuan, ulertzeko eta interpretatzeko beharrezkoa ikusten dut.

Ikasgai honekiko egiten dudan balorazioa positibotzat jotzen dut, batez ere, artearekiko nuen ikuspuntua aldatzera bultzatu nauelako. Klaseko lehenengo egunean, eskuak burura eraman nituen, zer egin ez nekiela. Gero ere, lan ezberdinekin behin baino gehiagotan geratu naiz nondik hasi ez dakidala. Behin lanean hasita, ordea, aurrera egitea posible izan dut eta jarduera ezberdinek asko pentsaraztera eraman naute, baita nire ingurukoekin gaiaz hitz egitera ere. Ni eskolan ibili nintzenean, plastika egiten genuen, han ez zen inolako arterik aipatzen. Gaur egun ere, nahiz eta zenbait eskoletan izugarrizko aurrera pausuak eman, orokorrean, nire garaian bezala jarraitzen dutela ikusi ahal izan dut.
Erronka gisa planteatzen dut, artea eskolan lantzea. Ikuspuntua aldatzea kosta egiten zaigu baina pixkanaka posible da. Artea, plastika baino harago doa, adierazteko modu bat izan daiteke, pentsatzera bultzatzen zaituena … Hau transmititu behar diegu geure haurrei edo horretarako gogoa jarri zait niri behintzat.

San Telmo



San Telmo museoan bizitako esperientzia positibotzat baloratzen dut. Haur Hezkuntzari dagokionez, museo batek eskaintzen dituen aukerak ezagutzeko parada izan dut. Esan beharra daukat, uste baino aukera gehiago eskaintzen dituela eta modu erakargarrian planteatuta daudela iruditu zait. Bisitariekin behin eta berriro hartu-emanetan eta elkarren eraginean diharduen museotzat definitzen da eta honi garrantzi handia ematen diot, izan ere elkar eragin horren bidez eraikitzen joatea aberasgarria da. Eskolek egindako proposamenak aurrera eramateko irekiak daude eta egia esan, ez nuen uste horrelako aukerarik egongo zenik.
Museoa primerako baliabidea da haurrek hezkuntza-gaitasunak gara ditzaten, hemen ardurak hartzen, pentsatzen, komunikatzen, elkarrekin lan egiten, esploratzen, bilatzen... ikasten ikas dezakete eta. Ibilbide eta proposamen didaktikoak prestatzeko tenorean, honako hauek hartu ditugu oinarri:
•behaketa, bide, eta jolasa, baliabide: bisitaldiaren eite ludikoa, ikas minaren zerbitzura;
•zentzumenezko baliabideen lehentasuna, intelektualagoen aldean, oso-oso oinarrizko irakurketa eta idazketa maila ahaztu gabe;
•galdera, begien bistakoa edo erretorikoa bada ere, arrazoitutako erantzunaren bila;
•denbora neurtzeko gutxieneko nozioak: lehena ez da dena bat;
•espazioaren gutxieneko nozioak, bere burua museoan eta museoa hirian kokatzeko, ikasleen herri edo auzoarekin alderatuta;
•lana banaka edo taldeka, betiere partaidetza aktiboa bilatuz; elkarrekiko errespetua, oinarrizko jokabide gisa;
•nork bere kultura eta besteena ezagutzeko jakin-mina xaxatzea, familiaren jatorritik abiatuta
•ondarea, iraunkortasunaren adibide, datozen belaunaldiei utzi nahi dieguna denez gero;
•museoa, erakustoki eta kultur eragile: bildumak, zaharberritzea, liburutegiak, tailerrak, aldi bateko erakusketak...

Hona hemen San Telmok Haur Hezkuntzako bigarren ziklokoei eskaintzen dizkien ibilbide orokorra eta proposamen tematikoak:
•Paseoan Museoan barrena:ibilbide orokor arina
•Alakiketan: tradiziozko munduaren deskubrimendua musikaren bidez.
•Xoxo beltza San Telmon: hurbilpena heriotzaren fenomenora, erritualen bidez.
•Chillidarekin dantzan:Eduardo Chillida eskultorea eta bere obra ezagutzeko aukera


Guk egin genuen bisitan “Xoxo beltza” proposamena ezagutzeko aukera izan genuen batez ere. Heriotzaren gaia, landu beharreko gaia dela uste dut, baina baita zaila ere. Izan ere, helduoi heriotzaz hitz egitea kostatzen zaigu sarritan, eta nola hitz egin gai honi buruz haurrei? Horregatik, museoan aukera izatea positiboa iruditu zait. Bertan, hilarriak eta argizaiolak ikusteko aukera izan dugu eta haurrei interesgarria egingo zaien gaia izango dela iruditzen zait.
Hobekuntza proposamenen artean, azpimarratu nahiko nuke, proposatzen diren jarduera fitxen ordez, jarduera dinamiko eta esperimentalagoak egitea egokiagoa iruditzen zaidala. Fitxak, Haur Hezkuntzako etapatik at utziko nituzke, bai museoetan, baita gelan ere. Mugimendua ahalbidetzen dute jolasak edo manipulazioa ahalbidetzen duten jolasak sartuko nituzke. Haur Hezkuntzako haurrek, mugimendua eta esperimentazioa ahalbidetzen duten jolasak behar dituzte, beraien ikasteko modua baita. Adibidez, jarduera fitxa hauetan, gehien gustatu zaien hilarria marraztea eskatzen zaie. Horren ordez, jolas baten modura planteatuko nuke eta bakoitza joan dadila gehien gustatu zain hilarriaren ondora. Ondoren bakoitzak azalpen txiki bat eman dezala, zergatik den gustukoena azalduz.

sábado, 10 de mayo de 2014

Generoa eta Hezkuntza I


Generoa eta Hezkuntza

Generoa eta hezkuntza aipatzerakoan, hainbat irudi etorri zitzaizkigun burura: emakumea Haur Hezkuntzako geletan, mantal arrosak eta mantal urdinak, lanbide estereotipatuak …
Gai hauen inguruan bueltaka aritu ondoren, emakumeak Haur Hezkuntzan duen presentziaren inguruko artelana egitea erabaki genuen. Geure gelan begiratu besterik ez dago, Haur Hezkuntzan emakume eta gizonezkoek betetzen dituzten kopuruaz jabetzeko.
Datuak begiratuta, portzentajeetan izugarrizko aldea dago. Haur Hezkuntzan emakumezkoak gara gehiengoa eta ikasketetan aurrera egin ahala gizonezkoen presentzia areagotzen da, horrela, unibertsitatean, gehiengoa gizonezkoa da irakasle lanean.
Emakumeak hezkuntzan jasotzen dugun zapalkuntza nabarmena da, Haur Hezkuntzako urteak dira prestigio gutxiena dutenak eta nolabait zaintzara zuzendutakoak. Emakumeari asignatzen zaion rola da zaintzarena, bai umeena, bai zaharrena baita etxearena ere.
Hala ere, pixkanaka, geroz eta gizonezko gehiago daude Haur Hezkuntzako etapa eta aldaketa ematen ari dela nabari da, nahiz eta oso motel joan.
Geure artelanarekin horixe izan da adierazi nahi izan duguna: Emakumeak du esku hartze handiena Haur Hezkuntzan, baina gizonezkoa ere pixkanaka sartzen ari da.

jueves, 8 de mayo de 2014

2. multzoko ondorioak



Museoetara egin ditudan bisita gehienak eskolarekin joandakoak izan dira. Neure kabuz izan naizen bat aipatzearren, Guggenheim aipatuko dut. Oroitzapen onak ditut bisita hartatik, nahiz eta gauza askorik ez ulertu. Aurretik aipatu bezala, artearekin interpretazio gaitasuna lantzeko daukat. Abstraktua iruditzen zait eta askotan ez diot esanahirik aurkitzen. Agian, gehiegi tematzen naiz esanahi bat bilatzen.
Eskolatik egiten genituen bisita museistikoak, museora bisita eta tailerren bat izaten zirela oroitzen dut. Zumalakarregi museoan adibidez, bisita ondoren jolas bat egin genuen, oka jolasa zen eta laukitxoek karlistaden inguruko frogak edo galderak zituzten.
“Estrategias de Pensamiento Visual” delakoa, berria da niretzat. Hainbat artikulu irakurri ondoren, metodologia honen berri izan dut.
Alde batetik, interesgarria da arte lanen lehen gerturatze baterako baina, testuingurutik at egite horrek nire zalantzak sortzen dizkit. Interesa pizteko, esanguratsua izan behar da guretzat. Haur Hezkuntzan, batez ere, gaiak gertukotasuna eskaini behar dio haurrari, erlazioak egin ditzan.
Haur Hezkuntzatik kanpo ere, arte lanak, testuinguru sozioekonomikoa kontutan edukiz aztertzea aberasgarriagoa iruditzen zait. Baliteke esperientzia ez izatea horren positiboa, bertan adierazten diren baloreak eta norberak dituenak kontra jartzen baldin badira. Errealitatetik hurbilagoko esperientzia bat izango litzateke nire ustetan eta hori onuragarritzat hartzen dut.
Beste alde batetik, hezkuntzan gertatzen dena errepikatzen dela iruditzen zait neurri batean. Hezkuntza” libreago” bat eskaini nahi diegu gure ikasleei. Gauzak asko aldatu dira garai batetik hona eta inolaz ere ez da ematen lehen ematen zen hezkuntza diktatoriala. Hala ere, ez dut uste saltzen den bezain librea denik. Museoen kasuan ere, irakurri izan dudanagatik, antzeko zerbait gertatzen da. Itxuraz, dialogoan oinarritutako metodologia da, hausnartzera bultzatzen duena. Baina, gero, markatutako bidetik asko urrundu gabe ibili beharreko metodologia bat dela dirudi.
Gai honi buruz ez nuen ezer entzun eta interesez aritu naiz bai aldeko eta bai kontrako ideiak irakurtzen eta honi buruz informatzen. Artea beti testuingurutik kanpo ikusi dut eta nire ulermen faltaren arrazoia horixe izan dela ondorioztatzera iritsi naiz multzo honen amaieran. Arte lan ezberdinekin, gizarteko hainbat gairi buruzko hausnarketa egin daiteke eta hori interesgarria iruditzen zait,baina ez dut artea ikuspuntu horretatik ikusi. Arte entzun eta burura etortzen zaidan lehenengo ideia abstrakzioa da, ulertuko ez dudan zerbait. Beraz, bada garaia, ikuspuntu hori aldatu eta arteari beldur gabe aurre egitekoa.

1. multzoko ondorioak



Artea, norberak egiten duen interpretazioa dela ondorioztatu dut. Arte lan bat ikusi eta bakoitzak sentitzen duena, bakoitzari burura datorkiona, erabat desberdina izan daiteke. Interpretazio desberdinak egiten ditugu gauza beraren aurrean. Interpretazio horietan zentratu behar gara, hausnarketa eta kritika horietan. Gaur egun, irudiz inguraturik gaude eta horien aurrean, nolabaiteko filtroa jarri behar dugu. Ikusten dugun horri buruzko iritzi bat eratu  eta kontziente izan irudiek hainbat mezu igortzen dituztela. Gainera, publizitate arloan batez ere, horretarako direla zehazki, hau da, mezu jakin bat igorri eta gugan erreakzio jakin bat sorrarazteko.
Multzo honetako jarduerak egin ondoren, garbi geratzen da, garrantzitsua ez dela soilik ikusten dena, baizik eta maila berean dagoela ikusten ez duguna ere. Ezkutuan geratzen den horrek, mezu inplizituak igortzen ditu. Haur Hezkuntzan bereziki zaindu beharreko arloa da, gaur egun telebistaren aurrean pasatzen duten ordu kopurua ikusita batez ere.

Arteak eskoletan duen lekuari dagokionez, eboluzio bat eman dela uste dut baina ez sustraitik. Urtxintxa proiektuan, adibidez, ikusi daiteke arte lanei lekua egin dietela, baina nahiko azalean geratzen dela da nire irudipena. Haurrek ez dute esperimentatzen, materialak betikoak izaten jarraitzen dute. Artea adierazteko bide gisa ulertu ordez, ikasi beharreko gai bat bezala lantzen jarraitzen da eskolan. Askotan, disfrutatzen utzi ordez, modu jakin batean bukatu behar dute zeregin bat. Eskulan baten eredua jarri eta berdina egitea da helburua, interesgarriena bakoitzak bere bidea jarraitzea izango litzatekeenean.